martes, 17 de mayo de 2016

Programazio berezia museoetan, Museoen Nazioarteko Eguna delako

Aurtengo edizioa, “Museoak eta paisaia kulturalak” goiburuan oinarrituko da, eta, aurten ere, museo guztietako sarrerak doan izango dira.
Asteazkenen honetan, maiatzaren 18an, Museoen Nazioarteko Eguna izango da, eta, hori ospatzeko, museoek sarrerak doan eta programazio berezia eskainiko dute.
Mundu osoko 35.000 museok parte hartuko dute ekimenean, “Museoak eta paisaia kulturalak” goiburupean. Aurten goiburuak agerian uzten du museoek jendea sentsibilizatzeko erantzukizuna dutela, ondare kulturalaren eta naturalaren babesletza aktiboan konprometituta, lurralde geografiko bateko enbaxadore bihurtuz.
Museoen Nazioarteko Eguna duela 39 urtetik ospatzen da, eta herritarrengana hurbiltzeko aukera bikaina da; gizartearen aurrean urtero museoen garrantzia eta beharrizana gogorarazteko modu bat da.
Gure museoak
Euskal museoek ere ekimen honetan parte hartuko dute, eta, gehienek doako sarrerak eta programazio bereziak eskainiko dituzte.
Donostiako San Telmo museoan, adibidez, bisitariak doan sartuko dira museora, eta, besteak beste, ekintza ugari egiteko aukera izango dute. Ekintza interesgarriena museoko klaustroaren inguruan egingo da; izan ere, Udal Musika Eskolak, Francisco Escudero kontserbatorio profesionalak eta Musikenek dantza eta musika ikuskizunak eskainiko dituzte bertan.
Bilbon, bestalde, Guggenheim museoko ateak ere zabalik izango dira, eta, besteak beste, bisitariek Yoko Ono artistaren “Bilborako nahien zuhaitza” lanean nahi edo desira onak konpartitzeko aukera izango dute.
Gasteizen, Artium museoan, aldiz, asteburuan ospatu zuten Museoen Nazioarteko Eguna, kontzertuak eskainiz eta familientzako tailerrak eta bisita gidatuak antolatuta.
Iruñean, Nafarroako museoak ere ateak zabaduko ditu asteazken honetan, eta, besteak beste, hiriburuaren paisaia kulturala ezagutzeko bisita tematikoak egingo dituzte.

No hay comentarios:

Publicar un comentario